XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KIROLAK

Dina Bilbao, kirolarientzat eredu

Dina Bilbao tolosar triatletak duela hilabete batzuk utzi gintuen.

Gure helburua ez da ordea hura eta bere laguna zein baldintzetan joan ziren gogoratzea, horri buruz hainbat orri idatzi bait ziren bere momentuan.

Hala ere, ezin ahaztu Ondarroan jaiotako kirolari honek egindakoak.

Bere bizitzan zehar 98 triatloi egin zituen Dinak Donostian lau irabaziz eta Euskadiko txapeldun ere izan zen.

Abenturazale amorratua zen eta besteak beste mountain bike-ez Laponian ibili zen, Nilo ibaia piraguaz jeitsi zuen eta Artikotik Tropikora bidaia egin zuen.

Ezin uka beraz eredu ona zenik neska eta orokorrean kirolarientzat.

Bere bidaien berri eman zuen Dinak Emakunde aldizkariaren aurreneko zenbakian eta ez letorke gaizki han esandako batzuk gogoratzea.

Dinak argi utzi nahi zuen orrialde haietan berak bere bizitzan demostratu zuena: askotan gizarteak bigarren maila batean utzi nahi bagaitu ere, emakumeok gizonezkoak bezain gai garela mendi altuena igotzeko, ibairik haundiena zeharkatzeko edo lasterketa gogorrena arrakastaz amaitzeko.

Zenbait girotan, gurean ez zorionez, bidai bat edo abentura bat antolatzen denean, neska bat tartean egon daitekenik ez da planteatu ere egiten.

Beste batzuetan emakumea joatearena aipatzen bada, askotan bigarren mailako lanetarako izaten da, sukaldari, masajista bezala.

Guk egindako bidai hauetan, beste edozein taldekidek bezala, neskok ere zortzi orduz arraunean egin dugu, 80 kilogramotako trineoa arrastaka eraman izan dugu 650 kmtan Groenlandiako lurralde izoztuetan, topetaraino kargatutako mendiko bizikletaz 1000 kilometro egin ditugu.

Honekin ez dugu demostratu nahi, besteak baino
gehiago garenik, gu ere hor egon gaitezkela eta ez dela ezer gertatzen.

Lerro haietatik arrazoi bat edo bestea dela-eta kirola egitera edo mundiko punta batetik bestera joatera animatzen ez diren neskei bultzada txiki bat eman nahi izan zien: ... neska zarela eta zeure burua ez atzean utzi.

Daukagun gizarte eta inguruagatik agian, hasieran zaila egingo zaizu, baina ez pentsa ezinezko denik, ez eta munduan zehar ibiltzea batzuen esklusibitatea denik.

Zuk zeuk ere zeure txangoa egin dezakezu.

Pereza ez dadila izan aitzakia, zeren behin probatuz gero seguru ondo aterako zaizula eta beste abentura batetan sartuko zarela.

Zeure ametsei ez zerrailarik jarri, zeren egunen batean oinetakoz jantziko dira eta ttapa ttapa abiatuko dira errealitate bihurtuz.

Dina eta bere lagun Iñigoren bidaia Karibeko uretan amaitu zen.

Hark egindakoak errepikatzea amets bat izango litzateke baina egongelako besaulkian eserita ere ezin da mundua aldatu...

Bada erreleboa hartzeko garaia!